Sinesten dizut euskarari eta biolentziari buruzko zure adierazpenean bi gauzak ez dituzula nahastu nahi izan, ez behintzat eman diren interpretazio argiagoek esan duten bezala. Interpretazio interesatuak tartean egon balitezke ere, haiei ere zuri bezala sinesten diet esaten dutena ikusi dutela zure hitzetan. Ulertu behar duzu, Lopez jauna: euskarari buruzko zure deklarazioak historikoki ez dira puntakoak izan. Oraingoek ere interpretazio desberdinetarako bidea utzi dute. Euskaraz egina izan denez, idatzia, itzulia eta irakurria izan da. Ez da bat bateko esaldia izan. Ezin zaie momentuko nerbioei kulpa bota. Esandakoa esan duzu. Uler ezazu. Konturatuta nago zure aginte-eremuko ez-euskaradunek beti ondo ulertzen dituztela euskarari buruzko zure hitzak. Euskaradunontzat dira beti mezuak, hasi beharko duzu erdaldunentzat erdaraz argi hitz egiten, adibidez,euskara ikasteari buruz. Zuk deklarazio horiek egin baino hiru egun lehenago telefonoz mirariak eskaintzen dituzten saltzaile erdaldun horietako bati euskaraz erantzun nionean «putos vascos» esan eta eskegi egin zidan. Horrek ez zituen nonbait zure hitzak entzun, edo ez zituen ulertu, edo horrek ere gaizki ulertu zituen. Garbiago hitz egin beharra daukazu erdaldunei. Hitzez eta egitez —ea zuk ere piper gutxiago egiten duzun!— nik aipatu ditudan bidetik ibiltzen hasten bazarete, egon zaitez ziur, Lopez jauna, inork ez dituela gaizki ulertuko zure hitzak. Garai handi horren zain, zure agintepeko herritar Martxel.
Martxel Aizpurua.
Zuzendariari
Nik sinesten dizut, Lopez jauna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu