Osteguna: goizero bezala, zenbatzerako txirrinak esnatu nau. Urdina pasa, eta telebista piztu. Oraindik zortziek ez dute jo. Ohean eseri, eta bat-batean... hain ezagunak diren irudiak: gaua, Polizia, furgoiak, atari ilunak eta, nola ez, atxilotutako gazteren bat. Oraingoan zortzi, kaka zaharra! Irratian beste sei izenekin batera zuenak ere entzun ditut, nire Itxaskun eta Garazina. Berrietan akusazio potoloak bota dituzte, baina zuek, ni eta beste gazte asko bezala, «zerrenda beltza» deitutako horretan ginela isildu dute. Alegia, torturapean lortutako deklarazioak oinarri sortu dituzten akusazioak direla. Iazko azaroan hogeita hamar lagun pasatxo atxilotu gintuztenean, horrelako sarekadetako azkenekoa izango zelako konfiantza banuen. Izan ere, sarekadaren oihartzun eta tamainaz gainera, sekulako erantzuna eman zuelako euskal gizarteak oro har eta euskal gazteriak bereziki. Preso sartu gintuzten, baina oso harro eta indartsu, gure espetxeratzeak behintzat Euskal Herriaren giharra indartzeko balio izan zuelako. 34 urrundu arren, beste hainbeste batu baitziren prozesu demokratikoaren aldeko aldarrian.
Ez dakit Estatuak noiz arte gor jarraituko duen, otso-gauen bidetik; baina bai, euskal herritarrok eta gazteok eraikitako aldarri sendo eta irmoa entzun eta errespetatzeko beste biderik geldituko ez zaion eguna iritsiko da. Argi izan, Izaskun eta Garazi, zuek egindako lanak izugarri aberastuko gaituela. Egun grisetan zera gogora ezazue: Euskal Herria irabazteko borroka latza dela, baina gure laguntasuna eta maitasuna bidelagun dituzuela. Aupa lagunak! Gora bihotzak!
Zuzendariari
Nire zerrendakideei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu