Gaztetxoa nintzen Torrealdai ezagutu nuenean. Alegiako Zinema Parrokialean hitzaldi bat ematera ekarri zuten. Gaia, euskara batua. Hitzaldiaren bukaerako galderetan herriko apaiz batek galdetu zion ea errealitatean nola zitekeen euskara batua. Hark erantzun: «Nik hitzaldian erabili dudana, ni bizkaitarra naiz». Aho zabalik geratu ginen denok.
Geroztik bere ibilbideari jarraitu badiot ere, Egunkaria-ren itxierarekin kateatuta geratu zait Torrealdai. Egunkaria-ren itxiaren aurka egindako manifestazioan Antiguako tunelean minutu dezente egotea tokatu zitzaigun azken Egunkaria eskuan eta aldarrikapenak egiten. Tunelaren sabaiak, biribila izanik, gure aldarrikapenak geure buru gainera itzultzen zizkigun. Sabela eta eztarria katramilatuta geratu zitzaizkidan.
Orduan ikusi genituen gure erreferente zirenak trapu zaharrak bezala tratatzen eta torturatzen eta gure ikur kulturala zena zigilatzen. Ez ahaztu, esan omen zuen. Ez dugu ahaztuko, baina berak ondoren esango zukeenez, aurrera! Eraitsi ahala berriak sortuko ditugu, sortu beharko ditugu. Ez ahaztu.
Harrezkero ez naiz berdina. Espainia edo Frantziaren baitan gure kultura eta hizkuntza aurrera aterako diren uste apurra betiko galdu nuen. Beste gauza gehiago ere galdu nituen egun hartan.
Torrealdai azkenetan zela jakin nuenean Antiguako tuneleko sentsazio bera izan nuen, arnasa estutu egin zitzaidan, eta begiak lausotu. Hil ondoko BERRIA-n, Egunkaria-ren senide berrian, Torrealdairi buruzko idatziak errepasatu ditut, kontsolamendu eta poz pixka baten bila. Lagundua sentitu naiz. Eskerrik asko.
Gidaliburu asko utzi digu Torrealdaik, baina gidaria faltako dugu. Elkartu gaitezen, bidea gal ez dezagun.
ZUZENDARIARI
Torrealdai eta Egunkaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu