ZUZENDARIARI

Zinemaldia ere arrosa eta urdina / Aniaiz Ariznabarretaren atxiloketa dela eta / Ekainak 29 eta irailak 29. Arrazoi berberak

Arrazoi berberak

Malu Ziordia. Leire Abanzabalegi, Mikel Arrillaga, Dani Astarloa, Asier Ibaibarriaga, Auritze Maiora, Arrate Gisasola eta Nerea Ibarluzea. Joxe Iriarte, <I>Bikila</I>. Iruñea.
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun

Zuzendariari

Zinemaldia ere arrosa eta urdina

Ez dut Eat Pray Love pelikula ikusi. Ez nintzen Kursaalean izan, eta, gainera, ez naiz soziologoa, baina Gontzal Agoteren kritikaren analisi soziologikoak haserretu nau.

Nola daki berak filma eman zuten aretoan zeuden emakumezkoek (%85) eta gizonezkoek (%15) zer profil duten? Zergatik ondorioztatu, gaur egun zinemara joaten diren emakume gehienek eta gizonezko batzuek (non?Euskal Herrian? Espainian? Amerikan? Mundu osoan?) maite dituztela pelikula errazak eta txoroak non zuzendariak ez duen burua «batere estutu» behar?

Normalean zinemara joaten diren gizonezkoen beste %85ek zer pelikula mota ikusten dute? Profil hori ere aztertua dauka Gontzal Agotek? Ala gizonezko gehiengoa ez da zinemara joaten, futbolera joaten delako?

Zinemaldian, aktore eta izar guztien inguruan ibiltzen den jendea, horiek dira urtean zehar zinema aretoak betetzen dituztenak? Profil bera da?

Sinpleegia nire gusturako.

Ez nuen pelikula ikusteko gogorik. Baina sekulako penarekin gelditu naiz tamainako fenomeno soziologikoa galtzeagatik.

Ez zaizu iruditzen, beste aretoetan, beste pelikula «zailago» batzuk ikusten, gehiengoa ere emakumezkoak izan daitezkeela?

Proposamen bat: ez gelditu etxean, zabaldu zure ikerketarako «lagina», eta galderak hain azkar erantzun baino lehenago, beste galdera batzuk egin. Eta, hala ere, emaitza mantentzen bada, kontatu beste artikulu batean. Nahiz eta soziologoak ez izan, galdetu, aztertu eta pentsatu beharko dugu zer demontre gertatzen zaion gure gizarte honi emakumezko eta gizonezko literatura, kirola, zinema, antzerkia eta, oro har, kultura desberdinak behar izateko.

Malu Ziordia. Iruñea.

Aniaiz Ariznabarretaren atxiloketa dela eta

Arrate Kultur Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak honakoa adierazi nahi du Aniaiz Ariznabarreta Ibarluzea eibartar lankidearen eta beste zortzi lagunen atxiloketen aurrean:

Lehenik eta behin, gure egonezina eta elkartasuna adierazi nahi diegu bere senide eta lagunei.

Atxiloketa nola gauzatu den salatu nahi dugu, polizia indarren jarrera eta komunikabideek egindako informazioaren erabilpen eta manipulazioa neurriz kanpokoa izan delako. Are larriagoa eta kezkagarriagoa iruditzen zaigu atxiloketa gertatu eta bere berririk ez izatea, izan ere, inkomunikazio egoeran dauzkate horrek dakarren guztiarekin.

Ohar honen bidez azpimarratu nahiko genituzke Aniaizek Eibarri eta Euskal Herriari eginiko ekarpenak, kultura, euskara zein beste hainbat alorretan. Aniaiz herri mugimenduko kide dugu, egunez egun lanean, hamaika dinamika martxan jarriz, parte-hartzea sustatuz eta Euskal Herria egunez egun eraikiz. Horregatik, lehenbailehen gure artean egon dadin nahi dugu.

Aniaiz eta gainontzekoak askatu.

Leire Abanzabalegi, Mikel Arrillaga, Dani Astarloa, Asier Ibaibarriaga, Auritze Maiora, Arrate Gisasola eta Nerea Ibarluzea. Arrate Kultur Elkartearen Zuzendaritza Batzordeko kideak (Eibar).

Ekainak 29 eta irailak 29. Arrazoi berberak

Mundu osoan klase borroka gordinean murgilduta gaude, zeinean, zoritxarrez kapitalistek aurrea hartu diguten. Europan, esate baterako, Greziarekin hasi ziren, eta berehala gurekin. Zapateroren plana, ezbairik gabe, frankismoaren amaieratik hona Espainiako Estatuan egin den langileen eskubide sozial eta ekonomikoen aurkako erasorik handiena eta gogorrena da.

Zorionez, zenbait tokitan langileria hasi da haserretzen. Grezian bost greba orokor egin dituzte jadanik, Frantzian, irailaren 7an beste bat. Guk bi. Alabaina ez da aski. Gehiago egin behar dira eta batez ere Europa osokoak. Horregatik ongi etorria Europako Konfederazio Sindikalak irailaren 29rako mobilizazioak egiteko egindako deia. Grezian greba orokorra bilakatuko da, baita Espainiako Estatuan ere, UGTk eta CCOOk deituta. Bazen garaia! Izan ere, Greba Orokorra dugu, bere mugak kontuan harturik, tresnarik eraginkorrenetakoa arazo horiei aurre egiteko. Noski, baldin eta ekintza isolatua bezala ez bada ulertzen, eta borroka egun hauen ondoren sindikatuak neguko kasernetara edo betiko martxara itzultzen ez badira.

Zoritxarrez, mobilizazio orokorrerako dei horrek kalapita eta istiluak ekarri ditu Euskal Herriko sindikalismoan. ELAk eta LABek bere desadostasuna azaldu dute argudiatuz, ekainaren 29ko grebarekin geure kupoa bete genuela, eta batez ere, ez direla fidatzen sindikatu konbokatzaileekin.

Ez nago ados argudio eta jarrera horrekin. Lehenengo argudioak ez du funtsik, gauden egoera kontuan hartuta. Ekainean grebara jotzeko azaldu genituen arrazoi guztiak bere horretan diraute, are denbora igaro ahala gaiztotzen ari dira. Bigarrenari buruz, bi sindikatu horien estrategiarekin haserre egoteko arrazoiak izanik ere, ezin diogu Espainiako Estatua astinduko duen greba bati bizkar eman, eta are gutxiago, ezin dugu greba jo eta ke sustatzen ari diren zenbait sindikatu txiki eta aipatu sindikatuen korronte borrokalariekin solidaritatea apurtu. Iniziatiba Internazionalistari laguntza eta botoa eman zietenei erantzuteko modua da hori? Edo aparatu arrazoiak jarri dira guztien gainetik?

Joxe Iriarte, Bikila. Idazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.