EHNA
Otsailaren 16an, Mungiako institutura joan nintzen nire botoa ematera. EHNA atera nuen, eta esan zidaten ezin zela EHNArekin botoa eman. Zergatik ez?, galdetu nuen. «Mahaikoek horrela erabaki dutelako», erantzun zidan mahaiburuak, nahiz eta sindikatu batzuk ados ez egon erabaki horrekin. Noiz arte jasan behar dugu ezarpen hau? Aski da! Batzuk euskal herritarrak gara, eta euskal nazioatasunaren jabe gara. Espero dut hurrengo hauteskundeetan horrelakorik ez gertatzea!
Josu Barinaga-Rementeria. Bilbo.
Gora Stalin
Caritas in veritatem enziklikan aita santuak bi filosofia analizatzen zituen:bata Nietscherena eta bestea marxismoarena. Marxismoaren kapitalismoaren analisi ekonomikoaz zioen ondo zegoela. Baina gero zer? Ez dago alternatibarik, denek huts egin dute orain arte. Adibidez, ekonomia planifikatua, zergatik huts egin du?Niretzat lanaren kulturarik ez delako garatu, eta bai alferkeriaren «kultura» bat, eta hortik datozen hamaika gaitzen kultura. Dekadentzia hitz batean erranda. Nik esaten dut ezen konponduko balitz sozialismoaren alde gaudenon artean lanaren kulturaren problema, adibidez, ekonomia planifikatu batean, kapitalismoarena egina egongo litzateke. Baina ez da lan makala nik ikusten dudana oraindik.
Roman Garmendia. Donostia.
ZUZENKETA: Larunbatean, 8. orrialdeko iritzi artikuluaren egilea Itziar Idiazabal zen, ez Mendizabal. Barkamenak berari,eta irakurleei.