Zuzendariari

2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Noaingo aireportu berritua



AENAk eta Espainiako Sustapen Ministerioak milioi euro asko xahutu omen dituzte Noaingo aireportu berria egiteko, eta horrek niri zalantza ilun asko sorrarazten dit. Dirudienez, oraingoz, berrikuntza horrek ez omen ditu konpainia eta hegaldi gehiago ekarriko; krisi larriaren garaiotan ez du ematen oso justifikatuta dagoenik diru-xahutze ikaragarri hori. Hori zen gizartearen premia handiena une hauetan? AENA enpresak eta Sustapen Ministerioak auskalo zein interes ekonomiko izanen dituzte.

Galdera hauek egiten dizkiot neure buruari: helburu desiragarria al da mundu osoko aireportu guztiak etengabe haztea mugarik gabe? Non dago limitea edo bukaera? Ulertuta nago hegazkina dela garraiobiderik kutsagarriena; hori horrela, noiz arte jasan ahalko du gure planetak hainbeste tona kutsadura? Horrela jarraituz gero, noiz arte esan ahalko dugu garraiobide hori garapen iraunkorraren barruan dagoela? Benetan mugikortasun iraunkorra izanen da gutxi barru hegazkingintzaren joera hori aldatzen ez bada? Ezetz uste dut.

Ulertzen dut munduak eta gizarteak eboluzionatu behar dutela, baina modu hori da egokiena? Ez. Lurrak oreka egokiz iraun dezan, ezin da ulertu eta onartu planeta osoan aldi berean leku guztietako janari, edari eta generoak egotea, eta berdin jendea ere. Hasi beharko da gogoeta egiten, mugikortasun egokiago bat aurkitzeko; pentsaezina da munduko pertsona gehienek ia-ia egunero leku guztietan egon nahi izatea mugarik gabe.

Gai honek oso hausnarketa sakona beharko du lehenbailehen, gizateriak iraunen badu.

Xanti Begiristain. Iruñea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.