Gazteon aukera
Iraultza nahia gaztaroarekin lotu da beti. Baita errebeldia eta askatasun aldarrikapenak ere. Baina, azken urteetan, gizartearen aldaketa eta aurrerapausoen motor den errebeldia hori anestesiatzea lortu dute gobernuek.
Egungo gizartearen sistema ekonomiko eta politikoaren akatsak sorreratik datoz. Boteretsuenen interesak dituzte oinarri, ez dute baliabideen urritasuna kontuan hartzen, kontsumoahartzen dute xede duten jabetza pribatua lortzeko tresnatzat…
Uste baino min handiagoa egiten diguten egungo balioak gizartea eraikitzeko adreilu izan dira. Ezinezkoa da adreilu horiek aldatu gabe sistema aldatzea, eta adreiluak aldatzea ere, zaila.
Aldaketa hori norbaiten esku egotekotan, gazteon esku dago.
Ez litzateke hobe guztion interesak oinarri dituen gizarte-egitura bat, inguruaz eta baliabideez arduratzen dena eta askatasuna bidetzat hartuz zoriontasuna xede duena?
Krisi ekonomikoarekin batera, hainbat egia potolo argitara atera dira horrenbeste gezur artean, baina gure pasibitatearen eta boteretsuen manipulazioaren bidez, berriro gezurrez estal daitezen lortzeko bidean gaude.
Gizarte-laguntzak kendu dituzte, hezkuntza publikoaren prezioak igo, pentsioak erreformatu… krisia aitzakiatzat hartuz. Horiek ez dira irtenbideak, boteretsuenen nahiak baizik.
Aldaketa sakonak behar ditu gizarteak. Gazteoi ate bat zabaldu zaigu. Baina, dirudienez, gure aldaketa nahiak lo jarraitzen du. Hobe dugu kalera irten, mugitu, amestu eta bide berri bat eraikitzen hasi. Hala ez bada, atea itxiko da, auskalo zenbat gazte belaunaldi igaro arte.
Lander Arretxea. Donostia.