Batzarkideak kexu?
Berriak Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide batzuen kexa zekarren, dirua barra-barra erabiltzen duelako Aldundiak eraikuntza erraldoietan eta gizarte gaietarako ez duela esaten duelako.
Kritikak egitea ondo dago, eta irakurleok eskertzen dugu komunikabideetan azaltzea. Idaztera bultzatu nauena ez da horren edukia, herri-ordezkari batzuen jarrera baizik, hauteskundeak gerturatu ahala, horrelakoak sarriegi ikusiko ditugulako.
Erakundeetan gehiengoan daudenei galdetu behar zaie ea zergatik egin dituzten egin dituztenak eta ea zergatik ez dituzten egin egin ez dituztenak.
Gutxiengoei, berriz, ematen du ez zaiela ezer galdetu behar, nola gutxiengoan dauden…
Botoa ematen duenak, maiz, aurrez daki gutxiengoan egongo direla berak aukeratuak, eta, halere, botoa ematen die. Zertarako? Nahiko luke berak aukeratutako hautetsiek dituzten ideiak zabaltzea beste herri-ordezkarien artean, eta haietako batzuk legealdi horretan gauzatzea.
Badakigu herri-ordezkariak boto-diziplinaz loturik daudela alderdiarekin eta maiz kontsignak jarraitu besterik ez dutela egiten, baina, hala ere, hesi horiez gaindi, boto-emaileak uste du zabalduko dutela bere mezua gehiengotarren artean.
Lau urteko legealdia bukatu ondoren, kritika egiteaz kanpo, horrelako zerbait espero nuen: «Lau urtean ahalegindu gara kritikatu dugun hori aldatzen; porrot egin dugu oraingoan, ez dugu lortu. Barkatu herritar kutuna. Hurrengoan desberdin izan dadin, gure estrategiak eta lan egiteko erak aldatuko ditugu, eta ea gehiengoaren jarrera kritikatu horiek aldatzen ditugun».
Martxel Aizpurua. Zarautz.