Duela egun batzuk, AHTko obretako lanek hirugarren hildakoa utzi digute. Oraingoan, ukraniarra izan da, eta leherketaren ondoriozko zaurituetako bat bulgariarra, gorputzaren %15 erre eta, gutxienez, tinpano bat zauritu zaiolarik. Aurreneko biak portugaldar eta errumaniarrak izan ziren. Kasu honetan, Legutio eta Eskoriatza arteko zatian gertatu zen ezbeharra, Ferrovial-Agroman enpresak kudeatzen dituen lanetan. 65,6 milioiren truke 2,4 kilometroko lanak egiteko ardura eman zioten administrazio publikoek, krisi garai honetan obra publikoan inbertitzea aberastasuna eta enplegua sortzeko politika ekonomiko egokiena dela argudiatuz. Baina AHTan inbertsio nagusiak makineria, obren segurtasuna eta goi-kargudunen soldatak ordaintzera bideratzen dira, eta etorkinak bakarrik jasateko prest dauden lan-baldintza kaxkar eta soldata miserableak dira langileei gelditzen zaien partea.
Obretako segurtasuna mantentzeko, ez dietela lan-eremuan sartzen uzten salatu dute sindikatuek, inguru batzuk polizia eta segurtasun pribatuz erabat militarizaturik dauden bitartean. Noren segurtasuna da mantendu nahi dena, beraz?Zilegi al da langileen segurtasun eta bizitzaren gainetik jartzea makinariak kalterik ez izatea? Enpresarien politika «ahalik eta arinen, ahalik eta kostu gutxienarekin» da, eta administrazio publikoen hautua kapitalaren makineria eta interes pribatuen defentsan inbertitzea. Agerian gelditu dira, berriz ere, AHTak sortzen dituen aberastasun eta enpleguaren ondorio gordinak.
Zuzendariari
AHTko langileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu