Euskal selekzioa
Pozten naiz euskal jokalariek Gabonetako futbol partida jokatzea erabaki dutelako, gizartearen protesta eta presioari amore emanez. Eta pozten naiz azken bi urteotako bideak ez garamatzalako inora. Lehenik, helburua X probintzia hartuko dituen selekzio ofiziala baldin bada, has daitezela Herri honen lurralde antolaketa aldatzen, selekzioak azken batean eremu nazional edo politikoen kirol-adierazpenak baino ez dira-eta. EAE eta Nafarroa batuz gero, ez legoke inolako arazorik. Zorte on proiektu horrekin, esaera zaharrak dioenez, «ogi gogorrari hortzak zorrotz». Eta bigarrenik, hain euskaldun sentitzen badira, has daitezelaEspainiako selekzioaren deialdiei muzin egiten, ala euroaren sinboloa ote dute bihotzean ikurrina baino gehiago? Bai euskal selekzioari, baina bide logiko eta koherentea hartuta, mesedez.
Aitor Garikoitz Villabona. Suedia.
Mendaroko ospitalea
Mendaroko erietxeko langileoi: Bada hilabete bat gure senitartekoa zen Asier Mendaroko erietxean hil zela. Azken egun horietan, eta bizitzako trantze gogor horretan, Asier eta bera laguntzen egon ginenok guztiz babestuta sentitu ginen, eta bihotzez eskertu nahi dizuegu emandako laguntza. Mediku, erizain, laguntzaile eta garbitasuneko langileon aldetik ezin tratu maitagarriagoa jaso genuen, eta, gainera, gehienok euskaldunak izanik, etxean geundela sentiarazi zeniguten. Gure begirune eta esker ona jaso ezazue.
Amaia Fuldain. Lekeitio.