Hizkuntz eskubideak jomugan

Jaurlaritzak lan poltsetan ezarritako hizkuntza irizpideak ere, atzera

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du helegitea jarriko diola Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. Epaitegiaren sententziari

Olatz Garamendi, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Euskara sustatzeko neurrien kontrako «oldarraldi judiziala» salatzeko, agerraldi jendetsua egin zuten atzo goizean Bilbon, Kontseiluak deituta, eta, arratsaldean, euskararen kontrako epai sorta horren beste ale baten berri eman zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik, agerraldi batean. Aditzera eman zuenez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. Epaitegiak emandako sententzia bat da, eta atzera bota ditu Garamendik tokiko erakundeetarako idazkarien eta kontu hartzaileen lan poltsak osatzeko emandako agindu bateko zenbait irizpide; tartean daude hizkuntza irizpideak. Epaiaren sorburuan dago Bizkaiko idazkari, kontu hartzaile eta diruzainen elkargo ofizialak aginduaren kontra jarritako helegite bat. Epaiarekin ados ez dagoela azaldu zuen sailburuak, eta helegitea jarriko dutela jakinarazi zuen; EAEko Justizia Auzitegi Nagusira joko dute, eta, bitartean, epaia etenda geratuko da.

Epaiak aginduaren sei manu baliogabetu ditu, eta Garamendik berak onartu duenez, auzitan jarri du Jaurlaritzak lan poltsak eratzeko duen gaitasuna, hautaketa prozesuen egokitasuna eta hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko ahalmena. «Azken hilabeteotan euskararen normalizazioaren aurkako ebazpen judizialen gorakada oso kezkagarri baten aurrean gaude, eta, gainera, euskal erakundeen autoantolaketarako eskumena arintzen eta euskal autogobernua urratzen dute», azaldu du. Epaiak ukatu egiten du, besteak beste, euskararen 3. edo 4. hizkuntza eskakizuna egiaztatzea eska daitekeenik lan poltsak eratzeko prozesuan.

Horren aurrean, Jaurlaritzak defendatu du «toki erakunde bakoitzaren hizkuntza plangintzak hala eskatzen duenean» legez era badela euskara «baldintza» gisara eskatzeko. Areago, uste du toki entitateen funtzionamendurako «hain garrantzitsuak» diren lanpostu horiek euskara maila egiaztatzen duten profesionalez bete behar direla. Garamendiren iritziz, soilik horrela «berma» daitezke hizkuntza eskubideak.

«Hori bermatzea oso zaila da Estatuak Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalaren bidez igorritako poltsen bidez», erantsi du Gobernantza Publikoko Sailak, ohar bidez. Epai honek ere euskal autogobernua «higatzen» duela esan du Garamendik, eta defendatu du Jaurlaritzak «ahalmena» duelatoki administrazioko idazkarien, kontu hartzaileen eta idazkari kontu hartzaileen kidegoak kontratatzeko.

Justiziak ezeztatu duen agindua 2021eko apirilekoa da. Hautaketa prozesu baterako deialdia egin zuten, toki erakundeetarako idazkaritza eta kontu hartzailetza eskalarako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetze aldera lan poltsa bat eratzeko.

Berehala erantzun dio Kontseiluak epaiari. Idurre Eskisabel idazkari nagusiaren esanetan, goizean adierazitako kezka larritu besterik ez zaie egin: «Oso-oso kezkagarria da». Irizten zaio hizkuntza eskubideak auzitan jartzen dituela, eta, gainera, epaileak «irrazionaltzat» jo duela hizkuntza eskakizunak ezartzea bera. «Balorazio horiek oso larriak iruditzen zaizkigu». Horiek horrela, nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela Kontseiluak azaroaren 4rako deitua duen manifestazioan parte hartzea.

Foru araudia

Jaurlaritzaren arabera, ebazpen judizialak zalantzan jartzen du lan poltsetan sartzeko «foru araudia ezagutzeko» eskakizuna ezartzea ere. «Baloratu beharreko jakintza» da, hala ere, Gobernantza Publikoko Saileko arduradunen arabera: «Euskadiko foru berezitasuna dela eta». Garamendiren iritziz, langile horien «berariazko prestakuntzaren» parte izan behar du jakintza arlo horrek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.