Franco hil zen urtean jaio nintzen, baina ez naiz 1975ekoa. Ordukoa naiz, eta lehenagokoa, eta oraingoa, eta biharkoa, eta aspaldikoa, eta denak batera. Zera, nola esan, gizakiak bere baitan arraina izan zeneko oroitzapenak baldin badaramatza, nola ez ditut eramango guraso eta arbasoen oroitzapenak nire baitan? Kontzientzia politikoa eta pentsamendu ideologikoa ez dira genetikoki transmititzen, eskuinaren kasuan hala eman arren, baina bizitakoak derrigor utzi behar du arrastoa, eta bizitakoa beti da soziala eta politikoa, garai, leku eta jendarte baten araberakoa, eta gurasoek zuretzat asmatzen duten iraganaren kontaketan zuzenean jasotzen duzuna, lehendik ere badakarzu, beste era batera bada ere: gorputzaren memoria da.
Nire gorputzaren memoriak ez ditu 36 urte, 360 ditu, 3.600 ditu, 3.600.000, ordurako ikasia nintzen bi hankan ibiltzen.
Hanpatuta ari naizela pentsatuko duzu akaso, dena puzten dudala, muturrera jotzen dudala beti, erabili behar ez diren hitz guztiak erabiltzen ditudala, dena, beti, sekula, ezer ez, egia. Egia. Mahaiaren erdian eseri eta mundu guztiaren arreta eskuratu nahi izaten dutenak ez ditut atsegin, nahiago dut ertzean.
Euskaraz idazten dut. Gaurkoa naiz.
Jira
36 urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu