Beste baterako utzi nuen hiztegiko adibideekin soilik nobela bat idazten hastea, hartara egitekoren bat beti izango dudala pentsatuta, eta bitartean leihotik begira egon nintzen, haurrak zebiltzan parkean, oporrak hartu dituzte, gurasoek jai hartu arteko linboan dabiltza orain kulunka, eta umetako egun luzeak etorri zitzaizkidan gogora, eta nola sentitzen genuen dena, bizi-bizi, egunak luzeak ziren, dena zen handia, oso handia, oraingoarentzat hitzak bilatzen hasi nintzen, duda egin nuen, ez nekien arintasun arrotza den edo arroztasun arina, egunen batean beroak lurrundu egingo zaituen sentipena, inor konturatu gabe desagertuko zarela munduaren mintzetik, edan ase arte beretik, ez da aski izango, gurasoak hasi ziren etortzen etxeratze-agindua ezartzera, azkena, beste bat, azkena, noiz onartu zen txantajea metodo pedagogikotzat, hustu egin zen parkea, egunkariak hartu nituen komunera joateko, hobeto libratzen naiz, harritu egin nintzen: nola liteke, hainbeste hitz egunero. Nola liteke hainbeste hitz egunero, eta denak hain ziur, hain sendo, hain tinko, zalantzaren aztarrenik ere ez, hitzen ezinaren seinalerik batere ez, dena argi eta garbi.
Ama: Maitek ezkondu eta ama izan nahi du.
Jira
Adibidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu