Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Adorea

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Baina iraultza egiten saiatzeko adorea ez dizu inork emango, ez dizute utziko hegan egiten. Hegoak ebakiko dizkizute, zorua erakutsiko dizute, amildegia, infernua. Eromenaren mugetara eramango zaituzte bisitan, barrenak abaildutako jendea ikusiko duzu arrazoia ez beste guztia galduta, ordutan edukiko zaituzte, eta gero esan: nahi duzun bidea aukeratzeko aske zara, baina erne, aukera okerrak hona ekar zaitzake, zeuk ikusi, nahiko ote zenukeen hauek bezala bukatu.

Eta autobuseko leihatilatik gaua ikusiko duzu mendian behera.

Aldaketa txikienerako adorerik ez dizu emango inork, eta arrastoan sartzen hasiko zara poliki-poliki; bizitzak prest edukiko ditu ezbeharrak eta zorigaitzak zuretzako, zaputz izugarriren bat, bakardadea, bizimodu seguruaren abantailak baloratzen has zaitezen: garai batean gorrotatu zenuen guztia izango duzu, eta ez zaizu hain txarra irudituko.

Eguna beteta izango duzu normalean eta ez duzu gehiegi pentsatuko ezertan; gauzak datozen bezala hartzen ikasiko duzu, beroa kentzen minari, beroa kentzen pozari, gizaki zentzuduna izango zara, zuhurra, gaztetako txorakeriak alde batera utzita bizitzen ikasiko duzu azkenean.

Eta gaua ikusiko duzu etxean sartzen, isil-isilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.