Gaurko egunak atzokoaren jite bera du. Zezen gorria ziztu bizian joan da heriotzarantz, eta kitto, hortxe bukatu da eguna. Gosaria prestatu duzu, egunkarien edizio digitaletan ibili zara pasieran, arreta inon pausatu gabe. ETAren agiria, euroaren krisia, Assangeren epaiketa, gaur ez du hain bero egingo, zer prestatuko dut bazkaltzeko, erosketak egin beharra dago. Hau ez da sekula bukatzen.
Aspaldi batean asko entzuten zenuen disko bat berreskuratu duzu, egunero ari zara disko bera entzuten, orkestra zuzendariaren plantak egiten dituzu crescendo bat datorrenean, gero alboetara begiratzen duzu, inork ikusi ote zaituen. Liburuen apaletara joan eta Arrotza bilatu duzu. Aujourd'hui, maman est morte. Ou peut-être hier, je ne sais pas. Ez sinistekoa da nolako eragina izan dezakeen liburu batek, harrezkero beste bat zara, arrotza zara, zeuretzat, besterentzat. Eta ordutik daukazu argiarekiko obsesioa; ez da obsesio plastikoa, bestelakoa da, soziala dela esango zenuke, morala kasik: distira zuri batean bildua ageri da mundua, irrealitate aire bat hartu du, harat-honat dabiltza jendeak, itzal bila, bero egiten du. Besterik ez dakigu. Eta hala ere, bizi gara. Toujours à cause de l'habitude.
Jira
Aire bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu