Egidazu argazkia, mesedez, irribarrerik onena jantziko dut, barrutik atera zaidala emango du kasik, ezpain-ertzak gorantz behartuko ditut, inork ez dio erreparatuko ene begien hondoan hedatzen den laku beltzari. Paperean nahi dut argazkia, garai batekoak bezala. Frakasatu bat naiz, eta orain badakit zergatik: ez daukat albumik. Biharko egunean, zeinek gordeko ditu nire argazkiak?
Harkaitz Canok kontatzen zuen, Vienako azoka txiki batean hildakoen albumetatik erauzitako argazkiak saltzen zituztela. Nireak inondik erauzi beharrik ez da egongo, plastikozko zorroren batean sartuta egongo dira, datarik gabe, leku izenik gabe; orduan ez nuen uste inoiz beharko nituenik, memoriak eutsiko ziola sinistuta nengoen, gaztea nintzen. Azokaren batean bukatuko dute, onenera, nire argazkiek, eta igande goizez han bueltaka dabiltzanek, jakin minez eta axolagabe, arropari begiratuko diote, begira zein janzkera xelebrea zerabilten urte haietan esango dute, non ote dago aterata, zoriontsu dela ematen du, hain erakusten du irribarre zabala.
Badakit izan nintzena, tximista lako argi bristadak botatzen dizkit gogoak begiak bildutakoan, baina larriak hartu nau, ez daukat argazkirik: non dago nire iragana?
Jira
Albuma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu