Lo hartu nuen autobusean, nekeak jota, bero egiten zuen, izerditan nindoan, amets gaiztoak izan nituen, nahasiak, ahoa lehortuta esnatu nintzen. Geltokian ginen azkenean. Jaiki nintzen eserlekutik, hartu nuen poltsa, egin nuen korridorean aurrera, jaitsi nituen eskailerak, egin nuen kanpora, zapaldu nuen porlan zikina, eman nituen hiru pauso baldar soina sentitzeko, begiratu nuen ingurura, eta ametsa gaiztotu egin zitzaidan: ez nengoen han. Inork ez zidan begiratzen, indarrez bultza egin nion kristalezko ate astunari, ez zen ireki, zerbait esan nahi izan nuen, euskaraz ez zekitela akordatu nintzen ordea, eta nik ez nekielabesterik, eta eztarrian gora soinu lehor banaka batzuk igo zitzaizkidan ezpainetan lehertzeko, tuz egindako ponpak bailiran. Jendeak zeharkatu egiten ninduen.
Jendeak zeharkatu egiten ninduen, ez neukan gorputzik, gogo hutsa nintzen, oihu egiten nien, gizon legala naiz, nik ere banuen lan bat, emakume batek zerbait aditu zuela iruditu zitzaidan, zalantza egin zuen, itzuli egin zen, nigana zetorren, besoak zabaldu nituen, oihuka hasi nintzaion, hemen, hemen, bai, hemen, seguru nengoen, nigana zetorren. Zeharkatu egin ninduen. Eta ez nintzen esnatu.
Esna nengoen.
Jira
Amets gaiztoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu