Amaitu da iragarkiek zer eta nola desiratu behar genuen esaten ziguten aroa. Koska bat estutu dute orain. Apatia gailendu da, ez da gehiago egarririk, ezer ez desiratzea lortu dute. Irrikarik gabe erosten ditugu behar ez ditugun gauzak, ohikoa da jada, lehen apartekoa zena orain gure parte da, salbuespena arau bilakatu da; eguneroko bizitza esaten dioguna ez da ebidentzia bat, erabat opakoa baizik: itsutasun modu bat, anestesia hutsa. Grinarik gabe bizi dugu mundua. Telebistaren aurrean gizentzen dira haur bakartiak. Leihoetatik amiltzen dira istripuz. Haurrek ez dakite zer eskatu, helduek ez dakite zer eman, dirua besterik. Aurrizkirik erabiliena auto da, gaitzik hedatuena autismoa. Ez dago besterik. Besteak ez dira. Besteak arriskua dira, mehatxua dira, aukera dira, interesa dira, baina ez dira besteak, ez dira beraiek, besteak ez dira ezer, loturarik ez, zuztarrik ez, bakardade gainpopulatu bat norbera, ohetik jaikitzeko indarrak biltzen egunero, amil-izuak jota egunero, kontuari begira egunero, iritsiko ote zait hurrengo erosketa egiteko, zer oparituko diot maiteari urteurrenean, zer utziko diet seme-alabei.
Aberatsegiak gara, dio Martin Parr argazkilariak, horixe da arazoa.
Jira
Amil-izua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu