Burtsan jokatu egiten da, jendearen bizitzarekin jolasten da. Bueno, ez burtsan bakarrik. Antzera samar egiten da jenderik gabe eta jendearentzat gobernatzen den leku guztietan ere. Oraingo despotismoa, hala ere, urruti dago ilustratua izatetik. Ikuskizuna ankerra da. Lanik gabe geratzen ari den jende kopurua hazten ari da egunetik egunera, eta lanpostua mantentzea lortu dutenek baldintza kaskarragoak ametitu behar dituzte, hilabetetan daude batzuk kobratu gabe, zukutu egiten dituzte, bada enpresarentzat egunero orduak debalde sartzen dituenik; eta denok ere norbere egoera bakarka eta ezkutuan pairatu beharra jan dugu, ez dagoela konponbiderik, ez behintzat kolektiborik. Ez dugu asmatzen etorkizun komun bat imajinatzen.
Eta etorkizun indibidual bat eraikitzen saiatzen gara, eta urruntzen joaten gara poliki-poliki, eta ez besteengandik bakarrik, baita inoiz izan ginen harengandik ere, bizi beharra dago, nork bere oskola aukeratzen du, bere maskara desfilea, bere denbora-pasak, bere placeboak. Eta azkenerako ahaztua du zein zen munduari ederra irizten zionean, bizipoza berezkoa zuenean, egun bakoitzak zerbait ederrik ekarriko ziola sinesten zuenean.
Ikuskizun ankerra zaio bizitza.
Jira
Ankerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu