Gezurra dirudi zein arin ahazten dugun dena. Diktadura aitatzen du Ramon Saizarbitoriak arrazoiarekin, baina geroagokoak ere majo ahaztuta daudela esango nuke, edo ez direla sekula aintzat hartu bestela, entzun bai baina ez zaigula barrura sartzen ezer, irrist egiten digula munduak, lehen ere antzera izango zela jende askorentzat, baita diktadura garaian ere, lana egin, etxea erosi, familia osatu, umeak hazi, bestelako kezka existentzialetan denbora galtzeko modurik eta gogorik gabe biziko zela jenderik gehiena, arazoetan sartzea saihestuz, ahal izatera: berrogei urte iraun zuen diktadurak, harrezkero ia beste horrenbeste pasa dira. Gezurra dirudi zein arin joaten den denbora.
Harrituta bezala ikusten ditugu urte bukaerako albistegiak, hori aurten izan al da?, hortik atera kontuak nola begiratuko dugun atzerago, nola akordatuko garen Miguel Angel Blancorekin, Mikel Zabalzarekin, nola akordatuko garen, esate baterako, orain dela gutxi berriro egunkarietara ekarri duten Angel Otaegirekin; gezurra dirudi zein arin ahazten dugun dena, eta zein barruan eraman ohi duen nork bere arantza. Herri normal batean zutik mantenduko zuten Olympia.
Geurea ez balitz bezala oroitzen dugu iragana.
Jira
Arantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu