Halabeharrak garamatza, eta hara beharrak. Askatasuna ez da akaso askatasunaren xerka egindako bidea besterik, bafle batean ezkutatzea, egunak ematea etxetik irten ezinda, besterrira joatea herrian segitzeko, gutunak idaztea ezagutzen ez dituzun erkideei. Askatasuna ez da akaso iraultza egiten saiatzeko adorea baino. Baina ez dakit iraultza egiteko biderik onena den sloganekin eraiki nahi izatea etorkizuna.
Ezein aldaketa atsegin ez duen ezkerreko kontserbadore asko dabil bazterretan. Eta ez dakit ahoa bete gizarte eta jendarte dabiltzan politikoek sloganak txertatzeko daukaten joera ikusita ez ote duten giza jendea tontotzat hartzen.
Xaboia bezalaxe saltzen dizkigute proiektu politikoak.
Eta askatasuna ez da akaso askatasunaren xerka egindako bidea besterik, norbere burujabetzaren aldarri itoa, nork bere kasa eta nork bere kabuz pentsatzeko gaitasuna, artaldea ez izatekoa, ezta ardi beltza ere, baizik eta gizaki, atzizkiak odolki, tripaki, txerriki, barazki, zenbaki, gauzaki eta abarren tarteko bilakatua, bi hankako lumagabea, kontraesan ibiltaria, g puntua daukan izaki.
Eta askatasuna ez da akaso askatasunaren xerka egindako bidea besterik, iraultza egiten saiatzeko adorea.
Jira
Aski
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu