Non hasten da atzerria, zein dira bere mugak, irratian behin eta berriz aipatzen dituzten euskal errepideak, iristen al dira haraino, non bukatzen da atzerria? Zein itsaso du mendebaldera, zein mendikate iparraldera, noiz iluntzen du han, orain udazkena al da, antropozenoan bizi al dira han ere? Non hasten da atzerria, atzeko balkoian, zeru ilunean, lagunen agurrean, jendearen indiferentzian, norbere baitan, non hasten da atzerria? Aitaren heriotzan, denboraren iragaite ankerrean, non hasten da atzerria?
Hotz egiten zuen atzeko balkoian, eskuak katiluaren bueltan jarrita nengoen, amatatu berria nuen zigarroa lorontzian, zoriari utzi nion liburua nondik irakurtzen hasteko erabakia hartzea.
Ez, gero ikusten duk hori, munduaren amaiera ez dela derrepenteko suntsidura, baizik eta hondatze geldoa, iluntzerik iluntze ematen dela.
Zoriona, badakik zer den? Euria esan eta euria erortzea duk zoriona.
Eta lepo gaineko oroitzapen mataza honek akordura ekarri didana baten batek izenburuagatik kargu hartu zionekoa da. Baina zeinek ez du sekula sentitu antzekorik? Ni ez naiz hemengoa.
Non hasten da atzerria, zenbat ditu biztanleak, hotz egiten al du iluntzean, ba al dago beste batentzat lekurik?
Jira
Atzerri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu