Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Bakean

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Zugana joaten zait gogoa gero, zure izter arteko babes gozora, hor dena ahazten dut, hor ez naiz akordatzen neure buruaz ere, galdu egiten dut burua, animalia naiz, animalia bezain aske, sentimendu hutsa naiz, bulkada fisiko larri bat, neure baitatik bereizi dagoen indar zoro batek narama, beste ezerk sortzen ez didan bakea ekartzen dit, zakila biguntzen hasten denean, umel, likatsu, hustasun epel bat naiz, horixe naiz, ezer ez, gorputz bat, sena, bost axola zait mundua hor kanpoan, eta pentsamenduarekin batera dator berriro mundua traba egitera, uxatu egiten dut hala ere, zorionekoa naiz isiltasuna erabatekoa izatera hurbiltzen denean, orduan ez dut pentsatzen lanaz etxeaz zorrez, orduan bakean naiz munduarekin, bakean naiz neure baitako animaliarekin, zorionekoa naiz isiltasuna erabatekoa izatera hurbiltzen denean, baina beti dago hasperen bat alboko gelan edo oihuren bat tabernan, deika hasten da mundua, ordulariari begiratzen diozu, ohe ertzean eserita zapata lokarriei begira egoten naiz, eta etxerako bidea hartzen dut gero, ontziak dauzkat zain, arropak garbitzeko, telebista piztuko dut afaldu bitartean.

Zugana joango zait gogoa gero, eta horra joan arteko onik ez dut izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.