Metroko zuloaren alboan dago gizona gaur ere. Burusoila da, zuria, argala, erretzailea. Beteta ez badauzka, ez da berrogeita hamar urtetik urruti ibiliko. Panazko jaka marroi bat darama jantzita. Zergatik etorriko ote da egunero, zergatik jarriko ote ditu bere liburuak salgai, diruagatik ez da, denak salduta ere ez lituzke hogei euro aterako. Denbora pasa akaso, etxe zuloan sartuta telebistari begira ez egoteagatik, eguna bete egin behar da, baina horretarako ez du behar libururik, bankuan eserita jendeari begira egotea ere bazeukan.
Eman behar bere porrota agerian uztera jaisten dela egunero etxetik. Langabetua behar du egun osoa kalean emateko, azkeneko krisi honek birrindutako beste gizon bat izango da, seguruena. Zenbat halako izango da urrutira joan gabe ere? Atzo irakurri nuen albistea: «Azpeitiko Corrugados enpresak 130 langile kaleratzea aurreikusten du.
Iraungitze Txostena aurkeztuko du aurki, kaleratzeak bideratzeko. Sindikatuek kanporatzeak ahal den baldintza onenetan izatea nahi dute».
Porrota negoziatzeko ahalmenik ez zeukan gizon bat da, orain bere errendizio erabatekoa azaldu nahi diona munduari. Maite nuen guztia daukat salgai. Ez didate zoritxarra besterik ekarri.
Jira
Baldintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu