Gizon gorria geldi dago. Beso banatatik zintzilik Lidleko zorroak ditudala, burua tente gogoa labur, errepidea zeharkatu zain nago. Lau bide ditu, denak norabide berean; abaila bizian igotzen dira autoak etorbidean gora, ziztu egiten dute, denak dira antzekoak, gidari bana daramate altzoan, agertu bezala galtzen dira begien bistatik, haiei begira egoten naiz, ez ditut sekula ikusiko.
Jendetza ari da biltzen beste aldean; denbora gutxi dago gurutzatzeko; besoak eta begiradak saihestuz irekiko du nork bere bidea. Beste aldera iristerako multzoa erabat desegin eta sakabanatuko da. Ez dut haietako inortxo ere gogoratuko. Ez nau haietako inortxok ere ikusiko. Leku berean eta ordu berean fortunatu gara, ez besterik. 2011ko irailak lehen eguna du gaur. Zerk batu gaitu hemen? Ezerk ere ez. Besoak gara, garunak gara, lan indarra.
Metalezko txapitularen azpian hiru emakume daude autobusaren zain. Entzun egin ditut. Ez geninan autobus behar handirik izaten garai batean, oinez ibiltzen gintunan gu hara eta hona, akordatzen, bidea luzea izanagatik. Makaldu egin gaitun ordea, eta laguntza behardinagu orain. Motza dun besteren beharrean geratzea.
Jendeak jendearen beso artean egiten du etxea.
Jira
Besoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu