Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Bezpera

2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Neurea ez balitz bezala gogoratzen dut iragana jada, eta ez naiz pozten. Historia liburuak behar ditut makulu, efemerideak, oroigarriak, oroitarriak: memoriaren politikaz arduratzen direnek esaten didate zer ekarri gogora. Eta neure kasa hasten banaiz berriz, hemerotekak behar ditut; ez dira, etimologiari begiratuta, egunen biltegiak besterik. Egunak pilatuta daude han, sailkatuta, baita berriak ere, errazagoa da dena. Orduko egunkaria hartuta ematen zaio tankera iraganeko egun urrunari, baina ez bila zabiltzan albistea topatu duzulako, haren inguruan datorren beste guztiagatik baizik: iragarkiak, argazkiak, gertaera xumeen gaineko berriak, telebistako programazioa, tirak, kiroletako albisteak, kulturako orriak.

Gaurko eguna ez da gaur hamabost urteko uztailaren 12a, gaurko egunez gertatu zela esaten dugun arren. Zirkuluan gabiltzala ematen du, astea bukatuta hastea dator berriro, urtea bukatuta urtea dator berriro, baina gaurko egunez gertatu zena ez da gaurko eguna. Egun guztiak dira diferente, eta gaurko egunak bere zikina dakar, bere zama eta bere drama, bere pena eta bere itxaropena. Eta gaurko egunkariak, atzoko kontuak. Eta biharkoak, gaurkoak.

Bezpera amaigabea da bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.