Berriro maitemindu nahi dut bizitzarekin, baina zaila dago. Senak narama orain, pilotu automatikoak, jaiki egiten naiz, idatzi egiten dut, ohitura da, arroztasuna eta arintasuna aldean hartuta bizitzen saiatzen naiz, azpiratuaren haserrea aplakatzen, edan munduaren bortxa ulertzen eta onartzen, musika jartzen dut, baretu egiten nau, piztia izateko asko falta dudan arren. Otzana naiz, esanekoa naiz, ohitura da. Animalia politikoa naiz, berriak irakurtzen ditut, telebista ikusi, sarean ibili, badut kezka lauso bat nire inguruan gertatzen denaz, gizarte baten parte naizela sentitzen dut paperak egin edo zergak ordaindu behar ditudanean. Bada gizarte bat hor nonbait, barrenkoi, adigaitz, zeharkaezin, ilun, opako, oihan, eta bakarrik bezala nago gizarte horrekin. Ohitura da.
Ahal denik eta bortxarik gutxienarekin lan egin, bizi, horixe nahi dut nik ere. Baina zaila dago. Bortxa etengabea da, bazter guztietatik dator, ezinbestekoa da munduari forma emateko. Ohitura da. Andoni Olariagari irakurri nion: Etika, grekozko ethos-etik datorren hitza da, eta ohitura esan nahi du.
Gauza gehiegi dakit, egia garden ageri da jendearen begietan, galera ugari, logura, gurari garaituen garaia da.
Jira
Bortxaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu