Zein bulkada ezin eutsizko sentitu duzu, zein neuroagindu ezin utzizko eman dizu zeure buruak, zerurainoko etxea behar zuena lurrerainoko infernu bilakatu denean, biziraupenaren borrokari fini esan, nekeak utzi, heriotza onartu, zeru urdinari azken aldiz begiratu, eta etxeko erantzungailuan maitearentzako mezua uzteko argitasuna bildu ahal izateko?
Zenbat aldiz deitu ote duzu aurretik, ondo al zaude, berandu iritsiko naiz, nahi al duzu bidean zerbait erostea; zenbat aldiz galdu ote zara hariaren bestaldetik zetorren lantuaren uretan, ez daukazu kezkatu beharrik, lasaitu zaitez, zu zara nire etxea; zenbat aldiz poztu ote zara ahotsa bizi eta saltoka entzutean, edo ez esekitzeko, geltokiraino laguntzeko eskatzen zizunean, kontatzeko zerbait, kontatzeko ipuin bat, eta bere arnasa hotsa entzuten zenuen zuk, eta euri tantak autoen txaparen kontra, eta autoak galipota bustiaren gainean makal eta zikin.
Munduan beste asko legez, bazen behin neska zoragarri bat, beti berandu iristen zena hitzordu guztietara, korrika ibili behar izaten zuena autobusa harrapatzeko, arnasestuka egiten zituena minutu batzuk, baina beti zeukana irribarre bat begietan.
Maite zaitut esanda nahikoa da batzuetan.
Jira
Bulkada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu