Begiak betetzen zaizkizu, gizakia baino gizatiarrago, oroitzapenak zikinak dira, kateak itsusiak dira edozeinen gorputzean, urre geruza bat eman behar zaie urtero gabonetan, denok merezi dugu distira poxi bat, urrearen distira beroa, Europak urrezkoak ditu izarrak, eta urri dabiltza zilarrak, baina denok merezi dugu urre poxi bat, data seinalatu hauetan, ontasuna baino zabalago dabil onkeria, dena hartu du, ia hiri guztietako ia kale guztiak argiz beteak, jendea arrapataka dabil, saltokiak gainezka daude, ematen duzuna hartzen omen duzu, herriak ez du barkatzen, ez du ezein antropologoren beharrik, oparia bumerana da. Nork nahi du esker txarreko, zikoitz, txiro, bihozgabe agertu data seinalatu hauetan?
Zer egin dugu hizkuntzarekin, nola errepikatzen da dena, nola errepikatzen da dena behin eta berriz, zenbat lotura prefabrikatu, zenbat kate, zenbat automatismo dugu txertatuta, data seinalatu hauetan.
Hurrengo belaunaldiei bete-betean eragingo omen die Europako agintariek hartu duten erabakiak. Dena ere europarron onerako, dena ere oso zuhurra. Georges Bataillek poza hartuko luke euskaraz zekenari zuhurra ere esaten zaiola jakinda.
Itzultzen ez den bumerana astunagoa ohi da.
Jira
Bumerana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu