Iluntzen hasi du, jendea burumakur goaz geure etxeetara, pauso bizian; urruti dago zebra bidea, hemendixe gurutzatuko dut galipotezko itsasoa. Autoen argiak ilaran ageri dira, fusilamendu batailoia prest dago; ukatu egiten duzu eskaintzen zaizun benda beltza, buruaren zirkin apal batez, eta begirada zure adorearentzat nahi zenukeen lekukoaren bila galtzen zaizu, alferrik, jendea burumakur doa, sakelako pantailari beha, aurikularrak belarrietan, eta haize zakarrak nahieran darabiltza plastikozko zorroak, korrika egin duzu, etxean zara azkenean.
Gizona irudikatu duzu, hor ariko da oraindik, ahotsa behartuta: «Gaur humanizatze bideen eta humanitatearen etorkizunaz galdetzen duenak funtsean jakin nahi duena hauxe da: ba ote dagoen, segitzen ote duen egoten, gizakiaren basatirako joera egungoa kontrolpean hartzeko itxaropenik».
Donostiako Arte Ederretako eraikinean sartu direla irakurri duzu pantailan, aldarrikapena izan dela, hor dagoela eraikin eder askoa usteltzen urtetan, segituan atera direla kalera. Ez dituztela, direla.
Dena emanda ari da gizona kale kantoian: «Humanismoaren gai ezkutua, bada, gizakiaren etxekotzea da; bere tesi ezkutua: irakurketa egokiak otzandu egiten du».
Jira
Burumakur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu