Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Buztinezkoak

2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Plastilinazkoak gara, edo buztinezkoak, ematen diguten forma hartzen dugu, forma ematen diogu geure buruari, aukeratu egiten dugu forma batzuetan, eta beste batzuetan formak aukeratzen gaitu gu. Jaio zinen herriak, zure kaleak, etxe aurreko parkeak, igogailurik gabeko laugarren pisuak, nork daki nolakoa zinatekeen beste nonbait jaio izatera, eman zizuten hizkuntzak, jaso zenuen hezkuntzak, anaiak ekartzen zituen diskoek, arrebak irakurtzen zituen liburuek, denek eman zizuten forma. Ariketa polita litzateke: zein da gehiena errepikatzen duzun hitza?

Plastilinazkoak gara, edo buztinezkoak, eta forma emango digute berriz ere, lehendik nahikoa ez bageneuka bezala: lanaldiaren forma dauka urteak eta lanegunarena ilunetik ilunerako tarteak, ezinegonarena hartu du gure gogoak, desorekarena, segurantziarik gabe bizi den organoa da bihotza, lasaitasuna behar du, beti hor egongo den konpainia segurua, eraztuna, katea, eguneroko bizitza eramangarria, eta atzenean etxebizitzaren forma hartzen dute familiek, sukaldea, logela, egongela, garaje luzea, bi auto, bi lanpostu, bi seme-alaba, bi gela umeentzat, bi telebista.

Familia eredua aldatzen ari da, egia. Buztinezkoak gara, hautsi egiten gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.