Eginez egingo dugu egiteko modua. Jendea etortzen zait hitzekin batera. Zeinek erakutsi zien gaztetxeko zine-klubekoei proiektore zaharrean bobinak aldatzen? Ikusi egiten ditut, kultur etxean egin ziren azken saioetan, triste eta duin, nostalgiarik gabe, zerbeza botilak banatzen. Borrokaren tradizioa erakutsi ziguten, jendetasuna. Gauza handia lortu zuten: ia ahaztu egiten zitzaigun agintean Alderdi Nazional Jeltzalea zegoela. Jendea gara, desioa gara, utikan lege zaharrak. Mundu berria daramagu bihotzean.
Gaztetxea itxi egin zuten, eta handik gutxira hartu genuen Matadeixe. Kanpo eta barru garbitu genuen, harri tontorrekin bidezidorrak egin genituen, odolarentzako erretenak porlanez bete, zorua josi, landareak aldatu, dena margotu. Ez genekien ezer egiten, baina egin egin genuen. Ibai ondoan dago, leku hotza da. Beharrik, beheko sua du, Iker Agirre Alemanek egin zuen igeltsero titulurik izan gabe, berak bakarrik. Ez joan alferrik,bilatzaileak ez du aurkitzen, aparte dabil, askatasuna aukeratu zuen. Berak jasotako tximiniak kea botatzen du oraindik, eraikinak zutik dirau, izpirituak ere bai.
Jendea gara, desioa gara, utikan lege zaharberrituak. Beti aurkituko dugu zirrikituren bat.
Jira
Desioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu