Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Ederrena

2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Erdoka bezala itsasten zaigu ideologia, ezarian. Kirolarekin lotutako epika ustez arrisku gabetik hasita askoz nabarmenagoak diren ministroen ateraldietara, indarra hartzen ari da nazionalismoa, desberdinak eta diferenteak eta bereziak eta onenak egiten gaituen horren etengabeko goratze bat dago bazter guztietan; gure jatorri jatorraren bilaketa bihurtzen da arkeologia: hementxe ginen orain dela bi mila urte, hementxe gara bi mila urteren ostean ere; sukaldaritza berriz, munduan denik eta bizimodurik onena dugulako ustea zabaltzeko tresna: hemen bezala ez da inon jaten, esaten du Arzakek telebistan, eta denak uzten ditu pozik. Eta gero dena ederra da.

Baskoien hirian nitrogeno likidoarekin prestatutako plateren aztarnak aurkitu omen dituzte, gulen entsalada epelaren hondarrak, Argiñanoren txisteak ostraketan.

Zinikoa bihurtzeak ematen dit beldurrik handiena, eta autozentsurak.

Ezarian itsasten zaigu ideologia, erdoka bihurtu arte. Espartzuarekin jardunda ere ez da erabat joaten. Euria bezala dator goitik behera, blai egiten zaitu, hezurren muinetaraino sartzen zaizu, hor zabiltza euripean, ideologia dominantearen morroi, daukazunik ere jakin gabe.

Eta gero dena ederra da. Ederrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.