Trenaren zain nengoen: oraintxe aldatu dute eta ia ahaztu zait lehen nolakoa zen geltoki ataria. Anbulatorioa jarri dute ertzain-etxearen ondoan, norabide bakarreko errepidea, harrizko plaza zabala haizea lasai ibil dadin, azpian aparkalekua. Elurtuta ageri zen Irimo, gurutze garaia goian. Izenik ez nekien tontorrera joan zitzaidan begia gero, antena zegoen zut. Laster dena egongo da zuri, garabiak, teilatuak, auto gainak, inork zapaldu gabeko nasa, trenbidea.
Legazpi inguruak elurtuta zeuden, zergatik ez dut ibiltzen aldean bideo kamera, Brinkola zoragarria zegoen, Aizkorri aldera elurra lodi ikusten zen, laino tortokak han eta hemen, zerua urdin. Zer behar du besterik giza begi nekatuak?
Begiak itxi ditut eta sukaldeko leihotik begira nago orain: ehiztariak ageri dira elurretan, Brueghel Zaharraren koadroan, laku izoztuaren gainean haurrak dabiltza jolasean, egur txikitzen ari dira ezkaratzean, zerua berun dago, zakurren zaunka urruna entzuten da, asko dira hotzak hildakoak, bostehun urte geroago ere, asko dira hotzak hildakoak. Zertan aldatu da mundua bostehun urtean? Ehiztariak dabiltza elurretan.
Begiak ireki eta sukaldeko leihotik begira nago orain. Tximiniei ez darie kerik.
Jira
Elurretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu