Jira

Eros

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Nik egia esan nion, aspaldian ideia batek jaten dizkidala barrenak, ikaragarria dela nola errepikatzen den, berez bezala, dena, eta arrazoi zuela Mark Twainek, historia ez dela errepikatzen, errimatu egiten duela, eta hor doala, aldiro diferente eta aldiro berdin, giza izatea, zabuka, errima eta errima, bertso eskolan eman zizkioten bi oinekin poto egitea saihestu ezinda, eros eta tanatos, datorrena betor eta nahi baino lehenago zatoz. Nik egia esan nion, lo egingo nukeela hurrengo mendera arte, gaurko munduak zer utzi duen ikusi, pixa egin eta ohera bueltatzeko. Batzuetan baten bat akabatzeko gogoa sartzen zaidala, gerra sinbolikoekin nazkatuta nagoela, buruz buru eta ukabilka ekingo niokeela abisurik eman gabe, datorren bezala joko nukeela edozein, parean tokatzen dena, ni baino ahulagoa izatera. Horixe egiten duela mundu guztiak, txikia hankapean hartu. Nik egia esan nion, maite zaitut, baina ez dakit komeni natzaizun, ahula naiz, negarrari emana, uzkurra, ez dut indarrik batzen munduari egunero aurre egiteko, lo egingo nuke hurrengo mendera arte, edo baten bat akabatu, ikaragarria da nola errepikatzen den dena, eros eta tanatos, eros eta tanatos, eros, eros, saleros, eta hil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.