Geroz eta gehiago kostatzen zait gauzak ulertzea; ez dakit tutik ekonomiaz eta ia ezinezkoa bihurtu zait egunkariak irakurtzen hasi eta hitzei zentzurik eman ahal izatea, irakurtzen dut arrisku prima eta ez dakit zer den, irakurtzen dut Espainiaren zorra merkatuetatik kanpo geratzeko zorian dagoela eta ez dakit zer esan nahi duen, aitor dut: geroz eta gehiago kostatzen zait gauzak ulertzen saiatzea, gogoa joan zait. Bizi dituen munduaz ahalik eta gutxiena jakin nahi duten lagun horietako bat bihurtu naiz, neure baitara bildua, neure putzura isurtzen pozoia, neure putzuan bilatzen urrea, autista sozial bat kasik, errealitateari handiegi iritzita ihesbide pertsonaletan bilatzen duena atseginaren printzipioa; mundua aldatzeko nahikoa indar ez, antza, eta minik ez hartzea zorionaren parera ekarrita hartzen duena arnas.
Lehendik ere maite nuen itsasoa, uretan ibiltzea, igeri egitea, giza alga bat izatea, ur gainean hara eta hona olatuen menera, baina orain zaletasun berria daukat: ur azpian laketzen naiz. Burua urpean sartzen dudanean galdu egiten da mundua.
Nabokovek errealitatea beti kakotx artean idatzi beharko genukeela esan zuen. Kakotx artean, eta maiuskulaz, Jainkoa bezala.
Jira
Galdu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu