Jira

Galipota

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Nork bere babeslekua jasotzen du, ahal denarekin; eraiki daiteke adreiluz eta harriz, altxa daiteke hesiz eta diruz, jaso daiteke kantuz eta kontuz.

Errepide alboetara lurra gorri ageri da, mahasti sakabanatu batzuk, altzifreak urrunean; zerua hain dago garbi eta urdin, ezen zuria baita zeruertzean. Haizerik ez dabil, bero behar du kanpoan. Galipotari lurruna dario, kamioiak zenbatuz entretenitzen naiz; izenak irakurtzen ditut, eta herriak gero: Aveiro («Atlantic River, Aveirotik datorrena, bauxitakin rian barrena»), Almeria, Livorno, Calais, Tesalonika, eta haiei jarraiki, herrialdez herrialde doakit gogoa, Europa zeren gainean eraiki den galdetzen dudan bitartean. Kultura helenikoaren eta erromatarraren oinordekoak gara bai; bien batuketatik dator telebista hitza.

Lantzean behin herrixka bat ikusten da urrutira: eliza, laboreak gordetzeko dorrea, eta etxe banaka batzuk. Udaran hala ere jendea etorriko da, herrira itzuliko dira oporretan. Izango du pistina bat, taberna bat, izarrak ikusiko dira. Eta hemen jaio izan banintz? Eta Lisboan jaio izan banintz? Zer izango zen nitaz Istanbulen jaio izan banintz, adibidez?

Galipota janez goaz aurrera, errepide hauetan denok batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.