Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Gaur

2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Orduan ez zen orain bezala, orain urte osoan egoten da, baina orduan arkume sasoia San Josetan izaten zen, kontatzen du beti gure amak, eta inguru hartan gure amak askotan prestatzen zituen gibel-erraiak, gozo askoak, patata batzuekin. Beheko Iñakirenean hartu garbi-garbi eginda, eta su motelean egiten zituen. Bazekiat hiri ez zaizkiala gustatzen, baina aurten ere gustura askorik jango dizkiat nik. Noizkoa naiz, noizkoa da mundu hau, gaur.

Ertzeko liburu dendan sartu naiz, zer ote zen hau lehen, zurezko lurra utzi zuten, karranka egiten du pauso bakoitzean, M hizkiaren bila hasi naiz, ba ote daukate Mrozek, badakit liburuko lehen ipuina zela, baina ez naiz akordatzen ze liburutakoa, iragana asmakizuna da, nahi den adieran, asmatzeko dago beti. Geroa dago lehenengo, lehendabizi geroa dator, hurrengo eguna, hurrengo astea, hurrengo urtea, eta ondoren dator iragana, ondoren hasiera, geroko geroratzen da jatorria. Noizkoa naiz, noizkoa da mundu hau, gaur.

Ez daukate Mrozek, baina erradiadoreak burdinazkoak dira, hankadunak, eta bistan daude hodiak, epel egiten du, kafe bat eskatu dut, hementxe geratuko naiz pixka batean. Libre dago aulki kulunkaria leiho ondoan. Noizkoa da etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.