Jira

Gizarteak

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Iritsi bezala joaten zaizkigu pentsamenduak, ahaztu egiten ditugu, galdu egiten dira, idazten duguna ez da oratu nahi genukeenaren azken ubera ahula besterik, apar zikin hori, aztarnaren aztarna, hondarra.

Nola hitz egiten dut besteren izenean? Badut inoren izenean hitz egiterik? Zeren parte naiz? Zeren parte sentitzen naiz? Zeinekin onar dezaket gu baten baitan sar nazaten? Nik aukeratzen dut?

Pertsonak singularrean behar luke akaso, etorri orduko bidaltzen ditut pentsamenduak, ahaztu egiten zaizkit, galdu egin behar izaten ditut, bota, bazter utzi, idazten dudana ez da oroimenaren arrastoa, ahazmenaren segurantzia baizik, aztarnaren aztarna, hondarra.

Akordatzen naizena ez beste guztia ahaztu dut, eta hori ia dena da, garai urrun batean hil ala biziko kontua izan zena, loa kendu zizuna, larrietan larriena, ez da orain ezer, ez dago inon, gorputzean eramango dut, seguru asko, neuk jakin gabetan.

Pertsonak singularrean behar luke akaso, baina ezinezkoa da gurik gabe idaztea, ezinezkoa da gurik gabe bizitzea, gu ez goaz, hamar mila lagunetik gora egin ginen intsumiso Euskal Herrian. Gizarteak ahantzi egin du intsumisioaren borroka?

Baina gizarteak ahantzi eta oroitzen al du ezer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.