Izotz-kandela ageri du parkeko iturriak. Bi lagun daude bankuan, eguzkitan, berriketan ari dira, ozen samar, errusieraz ari direla esango nuke, ilehoriak dira biak. Kalean gurutzatzen dudan jendearen artxiboa egin beharko nuke: argazki bana egin, izen-abizenak galdetu, adina, jatorria, kolpean hil ezkero haien gorpuarekin zer egitea nahiko luketen. Berdin etxepekoekin: argazki bana atera, irri egiteko eskatu, galdu egingo garenez.
Gero kaleko guztiekin errepikatu gauza bera. Eta gero zabaltzen joan, auzo osoa hartzen saiatu, eta galdera gehiago egin, non jaio zinen, zer egiten zuten zure gurasoek, anai-arrebarik, ze ikasketa egin zenuen, lanik ba al duzu, zenbatekoa da zure diru-sarrera, zer egiten duzu asteburuetan, zerk ematen dizu bizipoza, zein da zure biziko ametsa, kolpean hilko bazina zer nahiko zenuke egitea zure gorpuarekin. Eta artxiboa osatzen joan, gordetzen joan egunero kalean gurutzatzen dudan jendea.
Egunkarian ikusi nuen bere argazkia, Ines Sanchez, 43 urte, segurtasun zaindaria. Seme nerabeari jada esan dio, alaba txikiari, oraindik ez. Aita borreroa zuen. «Nik ez dut epaitzen aita. Ez naiz inor hori egiteko, eta egiten duena hipokrita da. Badakit gizon ona zela».
Jira
Gizon ona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu