Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Handiagoa

2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Argia ematen du dagoela bukaeran, telebista da. Ni lo nago, ametsetara sartzen zait zuzenean, forma ematen dio nire bizitzari, orain badut zer kontatua, badakit zer nahi dudan, garbi dauzkat helburuak, telebista itzali artean behintzat. Gero galdu egiten naiz, ez dakit zer nahi dudan, zer nahi duen badakien jendeak ematen dit inbidiarik handiena, edozeinek ematen dit inbidia, egia esan, seguru mintzo denak, hurrengo urtean non egongo den badakienak, usteltzeko beldurrik gabe zuztarrak botatzen ausartu denak, bere denbora ongi profitatzen duela irizten dionak, edozeinek ematen dit inbidia, telebistaren aurrean nago txikle egiten, sor natzaio munduari, sor natzaio neure buruari, anestesia sentimentalak hartzen nau batzuetan, ez zait inporta ezer, ez zait inporta inor, telebistaren argia irenstea besterik ez dut nahi izaten, dena ahaztu, ahaztu sekula izango ez naizena, ahaztu alferrik galdutako denbora, ahaztu kezkak eta penak, sofan etzanda egon une batez, ordua jarri altxatzeko, lauretan, bostetan, lo egin, lo egin eta utzi telebistari zuzenean ametsetara sartzen, badakit zer nahi dudan, garbi dauzkat helburuak, telebista piztu artean behintzat.

Pantaila handia nahi dut hurrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.