Magma hoztua da iragana, harri beltz lakarra, dena bat eta bakarra. Geroz eta sakonago zulatu behar duzu arkeologia lanak egiten hasteko. Tito hil da, noizkoa zara? Eta historia horixe dela sinistuta zaude orain: genealogia eta arkeologia, ez ekintzak, ez gerrak, ez datak, haria baizik, denak lotzen dituen haria, begian kabitzen ez dena, Ariadnarena. Akordura ekarriko dugu, tokatu egiten da, Durangoko bonbardaketaren urteurrena da; bonbardaketa irudikatuko dugu, zorigaiztoko eguna, sua eta kea Durangoko kaleetan, baina ez bezpera, ez biharamuna, ez gertaerak gertaerekin josten dituen haria, horri ez dio inork heltzen, mina ematen du, gizonak daude hegazkinak eramaten, gizonak daude aginduak ematen, hiltzaileek seme-alabak izaten dituzte, lapurrek oinordekoak uzten dituzte, oso gerora arte baino ez da hitz egitera ausartzen izua barruraino sartu diotena, memoriak min ematen du, ondo dago egun batean akordura ekartzeko, baina ez egunero presente edukitzeko. Efimeroak dira efemerideak, gaur bai, akordura ekarriko dugu Durangoko bonbardaketa, baina bihar ez, eta etzi ere ez, beste gai batzuek hartuko dute honen lekua, hoztu egingo dugu.
Alferrik: gaurko magma beroan diraki iraganak.
Jira
Haria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu