Non dago nire iragana, non dago gure etxea, non etxe aurreko parkea, parkean ibiltzen ziren katuak, katuek hainbeste maite zuten zuhaitza, non daude? Batzuetan oroitzapen dira, besteetan ezer ez. Ezkutaketan ibiltzen ginen, harrapaketan, tiroka hartzen genituen arrotzak, tiroka ibiltzen ginen geure artean ere, hil egiten ginen, jaiki egiten ginen, ama, egiten genuen oihu, bota platano bat. Gaitzak hartu zuen zuhaitza, eta bota egin zuten, harri txintxarrak baztertu eta zoru biguna jarri zuten hurrena, katuak desagertu egin ziren, baten batek pozoia eman ziela zabaldu zen. Eta orain, batzuetan osatu ahal izaten dut parkearen oroitzapena, baina beste batzuetan oraingoa baino ezin izaten dut ikusi, eta ez daukat lehengoaren argazkirik.
Argazki bat banu, sikiera, orduko lagunekin, non ote dabiltza orain,akaso gogoak ez luke hondamendia bakarrik ikusiko atzera begiratzean, orduko egun luzeen poza berrituko luke akaso, eta herriaren forma ere bai, gudu zelai bilakatzen genituen orubeak berregingo lituzke, tontorrak eta bidezidorrak, parkea, geltokia, trenbidea. Baina ezdut argazkirik batere, eta ez dut inon aurkitzen iragana.
Hiragana japoniar umeek ikasten duten lehen idazkera da.
Jira
Hiragana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu