Nazio Batuen zaintza zorrotzaren pean zegoen orduan Irak, eta ez zen batere sinesgarria uranioz betetako 120 kamioi Nigerretik atera, lau herrialde zeharkatu, portura iritsi, zama hustu, ontziak bete eta Irakera iristea. Hasteko, Nigerreko uranio meatzeak Frantziako enpresek ustiatzen dituztelako gehienbat, eta, beraz, ez delako erraza inor konturatu gabe tamaina horretako negozioa egitea. Bazegoen beste detaile txiki bat ere: kontratuetan ageri zen sinadura Nigerreko Atzerri Ministroarena zen, baina ordurako 10 urte zeramatzan kargutik at. Itzelezko txandrioa, bistan da. Egunkari eta aldizkariak ez ziren ausartu argitara ematen.
Handik urtebetera arte. Orduan AEBek aurkeztu zituzten paper horiexek berberak, Irakek bonba atomikoa egin zezakeela (eta beraz egina zeukala) esateko; Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek ere baietz esan zuen, egia zela, frogak zeudela, paperak zeuzkatela, kontratuak. Azoreetako argazki ospetsuan hiru zeuden, akordatuko zara. Ordutik aurrerakoa badakigu, eta ez dakigu. Ez dugu sekula jakingo. Ezingo duguirudikatu nolakoa zatekeen mundua Irak okupatuez balute.
Holaxe eraikitzen da mundua. Egiak fikzioaren egitura du. Gezurrak egituraren egia du.
Jira
Holaxe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu