Jira
Horail
Zeruertza etxe sail gorrixka bat da, bere koska erregularrekin, bere leihotik leihorako tarte beharrezkoarekin, sekula zarratuko ez den kremailera, gainean zerua urdin dago, eta zuri, horail, hegazkin bakan baten ubera trinkoa desegiten hasia, hodei xare bat, azpian hiria bere urruma lasaigarriarekin, inork inor behar ez duen jendetza baten erdian nago, nor bere buruaz ari da, nor bere buruan ari da, nor bere buruari ari zaio, ez gara gurutzatzen, esan egiten dugu, jendea gurutzatzen dut kalean, ez da egia, ez gara gurutzatzen, isiltasuna hausteko ari natzaio hizketan, momentuko larria baretze aldera, ez zait axola zertan dabilen, noiz utzi zion zoriontsu izateari, tramite hutsa da jendea ere batzuetan, ikusi egiten dut nola dabilzkion begiak inon pausatu ezinda, ez dit arretarik jartzen, galdetzen aurre hartzea zen kontua, ez zaio inporta zer egiten dudan, zer uste dudan munduak eskaini digunaz, nire buru soiltzen hasira doazkio begiak, irri egin dit neure burua gutxietsita bera poztu nahi izan dudanean, lausengu ia lirikoak eskaini dizkiot, apal agertzen saiatu da, ez daki, ez du lortu, presaka naiz, egongo gara lasaiago, nor bere buruan bizi da, zerua urdin dago, zuri, horail.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu