Lanbro zirina ari zuen, teilatuetan ez zebilen hegaztirik. Bezperan tortolak ikusi nituen, eta kurloiak, eta enarak; gauez saguzarren bat ere ikusi izan dut, baina orduan ez: tximistak ikusi nituen sortaldean lehertzen. Loreontzian amatatu nuen zigarroa, argia zegoen pakistandarrenean. Jendea etorri gabea zen oporretatik, aparkalekuan hutsuneak zeuden oraindik. Parkean hasita zeuden landareak ihartzen, haien izenik ez nekiela ohartu nintzen. Nola izango da ba bat idazlea ez badaki mundua izendatzen?
Liburuetan baino geratuko ez diren izenak etorri zitzaizkidan gero, eguneroko elkarrizketetan sekula ateratzen ez direnak: birigarroak, zozoak, txepetxak, txantxangorriak, otatxoriak, kardantxiloak, kaskabeltxak, okilak, patxizarrak, buztanikarak.Gorputzik gabeko izateen izen fantasmatikoak izango dira, hiztegietan hiltzen diren antigoaleko hitzen antzera, zaharren azken hatsarekin edo paper horituetan ahitzen diren hizkuntzak bezala. Bidarteko Mitchel Etcheberryk gogoan dituen arroka horien izenak ikasi nituen mantra bat bailiran: Ilargita, Harrigaizto, Elizaportu, Bibaziki…
Munduak bere martxa darama, dena zarata eta zarama. Gaur igandea da, eta iraila. Hasi da behera ilargi betea.
Jira
Ilargita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu