Pantailan hizkiak eta hizkiak nola, halaxe irristatzen zait jendea kalean, joan egiten zait, ihes egiten dit, ikustera ere heldu aurretik; ez dira, ez dira jendea besterik, oztopoa bidean, iskin eginda kentzen ditut gainetik, soina zeharka jarrita sartzen naiz biren tartetik, zentzu berean doazenak ezkerretik aurreratzen ditut, hartuta daukat modua, aurrez aurre datorrenak nirekin talka egiteko zenbat denbora beharko duen kalkulatzen dut, erritmo aldaketa miragarria daukat, pausoa luzatu, soina jiratu eta neure errailera sartzen naiz berriro, banoa, ez nau ezerk geldituko, inora iristerik espero ez dudan arren.
Ez dira, ez dira inor, ez naiz inor, inork inor behar ez duen jendetza baten erdian nabil, ze komunitate osatzen dugu guk, orain hemen gaudenok, zeinentzat balio dute Hanna Arendten hitzek, «ezin inork zoriontsu izan zorion publikoan parte hartu gabe, ezin inork libre izan askatasun publikoa zer den bizi izan gabe, eta ezin, inork, azkenik, zoriontsu edo libre izan botere politikoan sartu eta haren parte izan gabe», zeinentzat balio dute, balio al dute guretzat; pantailan hizkiak eta kalean jendea irristatzen zaion gizabanako bakartuari, isolatuari, zertan laguntzen dio?
Jira
Inor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu