Kaxkarrak ez, gure asmoak koxkorrak dira. Eguneroko bizitzaren errotarriak azpian harrapatu gaitu, astebururako laga dugu askatasuna, lanera joan beharra dago ogia irabaziko bada, eta lanera joan behar duenak, noiz egingo du iraultza? Zaharrak gogor heltzen dio, eta ezinean ari gara mundu berriarekin. Badakigu nora nahi dugun, baina nola egin harainoko bidea?
Slavoj Zizekek Wall Street okupatu zutenei: ez zaitezte zeuen buruez maitemindu; ondo ari gara pasatzen, baina ez ahaztu, inauteriak merke izaten dira. Biharamuna da gakoa, denok geure eguneroko bizitzari heldu behar diogunean berriro, izango da aldaketarik orduan?
Zygmunt Baumanek urriaren 15ean hitzaldia eman zuen Madrilen. Elkarrizketa egin zion El País-ek, eta hitz hauek nabarmendu zituen izenbururako: «15M mugimendua emozionala, pentsamendua falta zaio». Emozioarekin ezin dela ezer eraiki luzerako, zetorren beherago. Biak beharko ditugu.
Biharko egunkariek Maiakovskiren poemak ekarri behar lituzkete orri betean, efemeriderik gabe, aitzakiarik gabe, azalpenik gabe: Aski! Geuk ekin beharko gu gabe inork ez badu pentsatzen. Gazte zaitezte guztiok! Biluz ezazue zeuen arima urdindua.
Ze arraio, ez dira koxkorrak gure asmoak.
Jira
Iraultza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu