Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Itzela

2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Hitzen esanahia kulunkaria da, airea da, soinu artikulatuaren uhin hedakorra, zabaldu egiten da, galdu egiten da, aldatu egiten da. Hitzen esanahia kulunkaria da, tonua da, doinua da, bolumena, errepikapena, frekuentzia, keinua da, soinua erraietan egosi eta eztarrian gora egozteko gorputzak behar duen energia, mugimendua, gorputzaren espresioa, hazpegien forma; kode izugarri konplexu bat baliatzen dugu uneoro eta abiadura bizian, eta hitza airea da, airea ematen dizu, airea kendu. Hitzen esanahia kulunkaria da, baina itzela da hitzen boterea.

Asierrek, artean ume txikia zela, hizketan ikasi berria, kale erdian gelditu, hatz erakuslea gizonarengana luzatu, eta ahotsa batere altxatu gabe bota zuen hitz bakar bat, bi silabak ondo banatuta eta doinuari behetik gorako forma emanez: beltza. Idazterakoan harridura ikurra jarriko genioke akaso doinuaren behetik gorako formari, baina ez da ikur batean kabitzen ume baten harridura.

Harridura. Tortura. Egunkaria. Gezurra. Duintasuna. Hitzak dira.

Hitzak ekintzak dira. Itzela da hitzen boterea, kontuz ibili behar da. Kulunka dabiltza esanahiak, mutur batera bezala egiten dute bestera. Haurrek ere askotan nahasten dituzte eskuina eta ezkerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.