Mundua hotza duk, esan zidan amak. Igande gaua zen, indarka ari nintzen malkoei eusten, ez nuen nahi aita-amek negarrez ikus nintzaten. Hitzetara ekarri ezinda ari nintzen bakardadea. Zu saiatzen zara zeure buruarekin zintzoa izaten, ahalik eta ondoena azaltzen, hitzak neurtzen, zu saiatzen zara barruan duzun korapiloa ateratzen, baina huts egiten duzula daukazu beti irudipena, ez duzula ondo azaldu, ez dizutela ulertu, ezinezkoa zara, ez da inor sartu zure baitara, sukaldean olioa irakiten daukan gaztelua da zurea, muturrean pozoia dute geziek, etsaiak uste dituzu denak, min egingo dizutela, eta ez da hala, ez dute zure gaztelua nahi, ez daukazu merezi duen altxorrik, albotik pasatzen dira begiratu ere egin gabe, haiek ere zu bezain izu, haiek ere zu bezain gaztelu, haiek ere zu bezain zeharkaezin.
Mundua hotza duk, esan zidan amak. Igande gaua zen, garbi ikusi nuen tartekoekin dudan tartea. Hitzetara ekarri ezinda ari nintzen bakardadea. Neuk bakarrik bizi izan dut orain arte bizitakoa. Neuk bakarrik biziko dut bizitzea egokituko zaidana. Bitartean haurrak hazi egingo dira, munduak bueltaka jarraituko du, tixertak egingo ditut poetari irakurri nizkion hitzekin: aberria eta hil.
Jira
Juntagailua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu